XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Esan, esaten dugu hori; baina nola lortu? - Hasierako erbi zaharrak hartu zuen berriz ere hitza: - Umerik mundura ez ekartzea litzateke hoberena.

- Geure zama ez besterik inori lepora bota, alegia.

- Bizia polita da, udaberria ernagarri * eta erbi gazte amagaiak * liluragarri *, esan zuen gaztetxo batek.

Guk hemen erabaki hori hartu arren kasta * guztiak betetzeko zaila iduritzen zait.

Hori ere hala da, baina nik ez dut beste biderik ikusten.

- Nik bai, ikusten dut, erantzun zuen txakurren batek horzkan belarria kendua zion erbiak.

Denok kabiatik atera eta txakurrak datozela ikustean begiak itxiz geldirik egotea aski da.

Laster desagertuko da gure hazia.

- Ez, hori ez! esan zuten denek.

- Etsaiari barre gehiago egiten uztea da hori.

- Gure nahigabearen kontura festa egingo lukete txakurrek. Ez horrelakorik, mesedez!.

Erbiak konturatu gabe dena entzuten ari zen Axelko sasi batzuen atzetik.

Ez nuen uste hain ahulak zirenik, zioen bere baitan.

Gero sasitatik sudur zuloak agertuz aholku hau eman zien: - Bota zeuen buruak, bota, ibaira! Itoko zarete bai!.

- Orain ere hor hengoen hi? Nork agintzen dik gure gauzetan sartzea? Ez diagu hire beharrik, esan zioten.

Axelkoren esana, hala ere, airean gelditu zen erbi guztien belarriei eragiten.

Isilune baten ondotik zaharrak atera zuen hitza: - Zer derizkiozue horri? Axelkori isilik egoteko esan diogu... baina nere ustez arrazoi du.

Geure buruak labanez * hiltzeko ez gara gauza, elkar hiltzen ez gara ausartzen.

- Ibaian ito eta kito! - Bai!! esan zuten denek. Hori da hoberena.